< REAS Euskadi

REAS Euskadi Ekonomia Alternatibo Sozial eta Solidarioa

REAS Euskadi-Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea 1997an sortu zen, eta Ekonomia Solidarioaren garapenean laguntzea eta mugimendu ekonomiko sozial eta politikoki eraldatzaile baten eraikuntza sustatzea du helburu, ekoizpenaren, finantzaketaren, merkaturatzearen eta kontsumoaren arloetan alternatibak garatuko dituzten ekimenez osatua.

Gaur egun, REAS Euskadik 85 enpresa eta ekimen asoziatibo biltzen ditu, hainbat jarduera-sektoretan esku hartzen dutenak, eta Ekonomia Solidarioaren Gutunaren printzipioak eta balioak partekatzen dituztenak: ekitatea, lan duina, iraunkortasun ekologikoa, lankidetza, aberastasunaren banaketa eta ingurunearekiko konpromisoa.

3.534 langile, 3.538 boluntario inguru eta energia, finantza, elikadura edo kultura kontsumorako proiektu kooperatiboetako ia 25.000 kide dituzte, besteak beste. 2021ean 165 milioi euroko diru-sarrerak zituzten guztira.

Haren jardun-arloak honako hauek dira: merkatu soziala eraikitzea eta kontsumo kritiko eta eraldatzailea hedatzea; politika publikoak sustatzea ekonomia solidarioaren ikuspegitik, eta, bereziki, erosketa publiko arduratsuaren ikuspegitik; Gizarte Ikuskaritzako tresna eta elkarlanerako beste tresna batzuk ezartzea; ekonomia feministaren eta bizigarri diren erakundeen proposamenak garatzea; gizarte-ekintzailetza sustatzea; prestakuntza, ikerketa eta gizarte-sentsibilizazioa; eta erakunde publikoekin eta beste gizarte-eragile batzuekin hitz egitea eta/edo lankidetzan aritzea.